‘Buffalo Kids’ filma asteazken honetan estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. ‘Tadeo Jones’ pelikularen ekoizle eta gidoilarien animaziozko lan espainiarra da.
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko dugun zazpigarren filma da, ‘Robotia’ lanaren ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.
Sinopsia
Tom eta Mary, bi anaia umezurtz, New Yorken lehorreratu ziren XIX. mendearen amaieran. Osabarekin elkartzeko, Mendebalde Basatia zeharkatzeko tren batean polizoi gisa abenturatuko dira, eta Nick ezagutuko dute, beren bizitzak betirako aldatuko dituen lagun berri eta aparta. Elkarrekin bidaia arriskutsu batean murgilduko dira, bilau gaiztoei aurre eginez, ustekabeko lagunak ezagutuz eta egoera paregabeak biziz.
Filma proiektatuko da hurrengo zinema-aretoetan: Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Multicines 7 (Bilbo), Cines Niessen (Errenteria), Cines Florida (Gasteiz), Cines Gorbeia (Gasteiz) eta SADE Cines (Donostia).
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu Zinema Euskaraz programaren barruan, besteak beste, ‘Zentral Parkeko heroiak’ lana abuztuaren 27an.