Edukira joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Albisteak

Luis eta estralurtarrak gaur estreinatuko dute euskaraz Euskadiko eta Nafarroako zinema-aretoetan

2018 Uztaila 03

Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskaraz programari esker, gaur, ekainak 29, Luis eta estralurtarrak (Alemania) filma Euskadiko eta Nafarroako zinemetara euskarazko bertsioan iritsiko da. Abenturaz betetako film horrek adiskidetasuna, laguntasuna eta ezberdinak direnekiko errespetua bultzatzen ditu beste balio batzuen artean.

Luis eta estralurtarrak filmak 12 urteko mutiko bakarti baten istorioa kontatzen du. Espazio-ontziarekin bere lorategia jo duten hiru estralurtarren lagun egingo da eta oso harreman polita sortuko da haien artean. Luisek beti izan du espazioan bizitza adimentsua dagoela erakusteko interesa eta, hala, elkarri mesede egingo dion adiskidetasuna sortuko da. Espazio-ontzia berriro martxan jarri eta haien planetara itzuli ahal izateko Luisek emandako laguntzaren truke, estralurtarrek gaztea barnetegitik aterako dute eta, elkarrekin, irribarrez eta emozioz betetako abenturari ekingo diote. Filma jatorri alemaniarra duten Lauenstein, Christoph eta Wolfgang anaiek zuzendu dute. 1989an, “Balance” lanarekin, animazioko film labur onenari emandako Oscar saria jaso zuten.

Ostiral honetan, ikusle guztientzat egokia den Luis eta estralurtarrak filma Euskadiko eta Nafarroako areto hauetan estreinatuko dute: Cines Niessen (Errenteria), Multicines (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Golem Alhóndiga (Bilbo), Príncipe (Donostia) eta Florida Guridi (Gasteiz).

Hurrengo filma, Itsasontziak Erreskatean!, uztailaren 20an estreinatuko dute areto komertzialetan, eta abentura gustatzen zaien familiei zuzendutako zozketa bereziarekin iritsiko da. Animazioko film luze horrek Eliasen, benetako adiskidetasunari buruzko gogoeta egin beharko duen salbamenduko itsasontzi gazte baten, gorabeherak kontatzen ditu.

  • Tweet
  • Inprimatu