Edukira joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Albisteak

Hamabi euskal ekoizpen etxe izango dira Sunny Side of the Doc azokan

2018 Ekaina 22

Sunny Side of the Doc dokumentalen nazioarteko azoka garrantzitsuenetarikoa da, eta bertan izango da beste behin euskal ikus-entzunezkoen sektorea Eiken (ikus-entzunezkoen klusterra), Zineuskadi eta Etxepare Euskal Institutuak sortu eta bultzatutako Basque Audiovisual markapean.

Sektoreko profesionalentzat ezinbesteko topagunea den azoka honek 60 herrialdetako 2000tik gora profesional bilduko ditu ekainaren 25etik 28ra bitartean Arroxelan (Frantzia). Mundu osoko banatzaile, erosle, sortzaile eta ekoizleak izango dira bertan dokumentalak ezagutzera eman eta kanpoko merkatuetara sartu, finantzaketa lortu, lankidetzarako bazkideak bilatu edota sektoreko joera berrienak ezagutzeko helburuarekin.

Hori dela eta, azoka aukera paregabea da urtero euskal ekoizpen etxeek euren dokumental proiektuak ezagutzera emateko eta nazioarteko merkatu nagusietako profesionalengana eta balizko erosleengana iristeko.

Hauek dira aurten Sunny Side of the Doc-era bertaratuko diren ekoizpen etxeak: Altube Filmeak, Arena Comunicación, Bainet Zinema, Gastibeltza Filmak, Haruru Filmak, Irusoin, Marmoka Films, Mirokutana, Sincro Produccion, Sonora Estudios, Sr y Sra eta Taui Media. Halaber, urtero Donostiako Zinemaldian Ibaiak (Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) antolatzen duen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa eta  Iparraldeko Kanaldude telebista ere egongo dira ordezkatuta.

Sektoreko profesionalak Etxepare Euskal Institutuko, Eikeneko eta  Zineuskadiko ordezkariekin batera arituko dira lanean Basque Audiovisual standean. Aurtengo dokumental proiektuak jasotzen dituen katalogoa ere banatuko da bertan. 32 dira guztira: 13 garapen prozesuan daude, 9 ekoizpen prozesuan eta 10 bukatuta.

Ekintza honen helburua da euskal ikus-entzunezko sektoreari ikusgarritasuna ematea eta marka indartsu bezala finkatzea, atzerriko merkatuetan bere produktuen berrikuntza eta kalitateari esker ezaguna izan dadin.

 

Cholitas, pitching-erako hautatua

Lau egunean zehar eztabaidak, networking ekitaldiak eta pitching saioak antolatzen ditu azokak. Hain zuzen ere, saio hauetan 11 herrialdetako 42 proiektu aurkeztuko dira, eta horietako bat izango da Cholitas, gizarte intereseko proiektuen kategorian. Arena Comunicación ekoizpen etxearen lan honek Boliviako sei emakume indigenak Aconcaguara igotzeko egindako espedizioa du oinarri. Jaime Murciego eta Pablo Iraburu egileek proiektua nazioarteko 350 ekoizle, banatzaile eta erabaki-hartzaileren aurrean azaltzeko aukera izango dute asteartean.

  • Tweet
  • Inprimatu