Edukira joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Albisteak

6 proiektu hautatu dituzte Miguel Machalskik Gasteizen eskainiko duen gidoigintza-tailerrerako

2018 Uztaila 02

Zineuskadi - Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik fikziozko eta dokumentaletako film luzeen proiektuetarako gidoiak idaztera zuzendutako tailerra antolatu du uztailean. Miguel Machalski analista entzutetsuak zuzenduko du ekimena.

Gidoien idazketa-tailerra uztailaren 2tik 4ra bitartean egingo dute Gasteizko Montehermoso Kultur Zentroan eta gidoilari hauei diagnostiko motako aholkularitza pertsonalizatuak (feed-backa, ideiak, iradokizunak, gomendio praktikoak…) eskainiko dizkie: Beñat Fontaneda (La sirena), Andoni De Carlos (Groenlandia), David Pérez Señudo eta Marina Parés Pulido (Ane), Maru Solares (Aztarnak), Paul Urkijo (Las tres olas) eta Myriam Ballesteros, Txema Ociorekin batera (Eguzki). Hautatutako proiektuen artean, 3 dokumental eta fikziozko 3 lan daude (haietako bat animaziokoa da). Jardunaldi horien helburua gidoilariei film-proiektu on bat aurrera eramateko garapen-prozesuaren inguruko orientazioa eskaintzea izango da. Machalski gidoi zinematografikoak garatzen espezialista da: azterketa, aholkularitza, irakaskuntza, itzulpena eta idazketa. Tailerrak Europan, Latinoamerikan eta Asian eskaintzen ditu, eta mundu osoko proiektuetan egiten du lan aholkulari moduan. Bideratzailearen hitzetan, “ikus-entzunezko proiektuen aholkularitzak filmaren hasierako fasean, gidoian, egileek eta aholkulariak elkarrekin filmaren motibazioak, helburuak, sormen-prozesuak eta alderdi ugariak miatzen ditugun topaketak dira. Alde batetik, bilbea, egitura, pertsonaiak, gaia, generoa eta tonua aztertuko ditugu; eta, bestetik, bideragarritasuna, hartzaileak, produkzio-kostuen arteko egokitzapena eta merkatuko potentziala, eta proiektuaren garrantzi orokorra”.

Saio pertsonalizatu horiez gain, industria zinematografikoko profesionalei zuzendutako masterclassa ere eskainiko du. Uztailaren 2ko goizean izango da, Montehermoso zentroan. Hitzaldi horretan, zinema-munduan “istorio emankorra” deitzen zaion horren elementuak identifikatzen saiatuko dira. Interesdunek joango direla baieztatu beharko dute helbide honetara mezu elektronikoa bidalita: info@zineuskadi.eu. Izena emateko epea ekainaren 29an, ostiralean, amaituko da.

  • Tweet
  • Inprimatu