Edukira joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Albisteak

Grufaloa filma estreinatuko dute euskaraz ostiral honetan, hilaren 18an, Euskadiko zinema-aretoetan

2018 Maiatza 18

Eusko Jaurlaritzak Zineuskadiren bidez sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, Julia Donaldson idazlearen «bat-bateko klasiko» hau zinemarako egokituta ikusi ahal izango da euskaraz Euskadiko zinema-aretoetan, mundu zabalean liburuaren hamahiru milioi ale saldu ostean

Zinemarako egindako egokitzapenak egundoko arrakasta lortu du filma eman duten zinema-areto guztietan. Grufaloa filmak haurren zein profesionalen aitorpena eskuratu du, eta 10 milioi ikusle baino gehiago izan ditu mundu zabalean. Filma nazioarteko 35 zinema-jaialditan baino gehiagotan aukeratu dute, eta sari ugari eskuratu ditu. Annecyko animaziozko zinema-jaialdian sari bat irabazi zuen 2010ean, eta, handik urtebetera, Oscar sarietarako izendatu zuten animaziozko film onenaren saria eskuratzeko.

Nahiz eta ekoizpena amaitu zenetik hainbat urte igaro diren, azkenik euskaraz ikusi ahal izango dugu Grufaloa pantaila handian. Film honek etxeko txikiak (hiru urtetik aurrerakoak) abenturak bizitzera gonbidatzen ditu, asmamena, pertseberantzia eta ausardia baliatuta gonbidatu ere.

Basoan zehar paseatzen dabilen sagutxo baten kontakizuna da. Goseak akabatzen, hur bila joatea erabakiko du bapo jateko. Bidean doala, azeri batekin, hontz batekin eta suge batekin topo egingo du, bera bezalaxe goseak amorratzen haiek ere. Hirurek etxera gonbidatuko dute jatera, baina sagutxoa ez da gehiegi fidatuko haien asmoez, eta, edukazio handiz, ezezkoa emango die gonbidapenei. Izan ere, norekin eta Grufaloarekin dago geratuta! Ezagutu ezazu Grufaloaren mundu zoragarria film ahaztezin honetan!

Donaldson idazlea eta antzerkigilea da, eta bere pasioen aurkikuntzak izan ditu ezaugarri: asmatutako pertsonaiak, abestiak, narrazioak eta ikuskizunak. Guztira 200 liburu baino gehiago dauzka argitaratuta, eta haren lanaren bereizgarri nabarmena zera da, txikiak irakurtzera bultzatzen dituela, antzerki- eta musika-irudikapenaren bidez. Ez da harritzekoa, Grufaloaz gainera, ondoren idatzitako beste hainbat lan ere pantaila handirako egokitu izana.

Honako areto hauetan emango dute filma: Getxo Zinema (Bilbo), Antiguo Berri edo Príncipe (Donostia), Cines Niessen Zinemak (Errenteria) eta Zugaza zinema (Durango).

  • Tweet
  • Inprimatu