Edukira joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Albisteak

Euskal zinema gehiago ikusgai Cannesko 71. zinema-jaialdian

2018 Apirila 25

Marché du Film azoka 2018ko maiatzaren 8tik 17ra bitartean egingo da eta, lehen aldiz, ICEXek jarriko duen standean euskal enpresa asko egongo dira Rivera #A5n, Zineuskadiren, Etxepare Institutuaren eta Eiken Clusterraren arteko lankidetzari esker.

Eremu honetan, Cinema from Spain izeneko gunean, 43 proiektu zinematografiko jasotzen dituen katalogoa banatuko dute; horietatik 18 garatzen ari dira, 13 ekoizpen-prozesuko faseren batean daude, eta 12 jada amaituta daude edo/eta 2017an estreinatu ziren. Guztira, 28 enpresen lanak jasotzen dira argitalpenean:Adabaki Ekoizpenak, Amania Films, Area Audiovisual,  Arena Comunicación, Arquetipo Comunicación, Atera Films, Baleuko, Basque Films, Barton Films, Blogmedia, Demeter Films, Dibulitoon Studio, Doxa Producciones, Einarte Produkzioak, Euskadi Movie AIE, Fragil Cinema, Izar Films, Kanaki Films, Komiki Films, Kubelik Films, Lamia Producciones, Laniakea, Pimpi&Nella Films, Sr&Sra Producciones, Talka Films, Taui Media,  Txintxua Films eta Zazpi t’erdi.Enpresa horietatik bederatzi egongo dira Marché du Film azokan.Lan horien guztien artean 19 dokumental eta 24 fikzio-film luze daude.

 

Proiektu nabarmenen artean “Another Day of Life” filma dago, Donostiako Kanaki Films (Amaia Remirez) ekoizpen-etxearena. Filme honek bere mundu mailako estreinaldia Canneseko zinema jaialdiko Sail Ofizialeko Lehiaz Kanpoko atalean egingo du. Komikien estetika duen animazioa eta egiazko irudiak nahasten dituen film luzea da; horren bidez, gerrako kazetari eta idazlea den Ryszard Kapuscinskik Angolan bizitako esperientziak erakusten ditu. Filma izen bereko liburu batean oinarritzen da eta honako ekoizle hauen lankidetzatik sortu da: Kanaki Films(Espainia), Platige Image(Polonia), Walking the Dog(Belgika), Animation Fabrik eta Wuste Film(Alemania) eta Puppetworks(Hungaria)

 

Halaber, Txintxua Films ekoizpen-etxeak BS2B0 (Best Seller to Box Office) literatura aholkularitzak antolatutako ekitaldi batean hartuko du parte, Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberriaren egokitzapena den “Karmele” proiektuarekin.Asier Altuna eta Marian Fernandez bertan izango dira, nazioarteko beste produktore batzuen aurrean haien proiektua defendatzeko (pitching).

 

Bestetik, Arantxa Echevarria zuzendari bilbotarrak “Carmen y Lola” bere lehenengo film laburra aurkeztuko du Frantziako zinemaldiko Zuzendarien Hamabostaldian.  Filmak bi neska ijitok beren maitasun-harremana diskriminazio sozialei aurre eginez nola aurrera ateratzen duten kontatzen du.

  • Tweet
  • Inprimatu