Edukira joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Albisteak

Mikel Gurrearekin hitz egin du Glocal Cinemak bere hurrengo proiektuari buruz

2017 Abuztua 04

2011n “la Caixa” Gizarte Ekintzaren beka bat lortu zuen London Film School zinema eskolan zuzendaritza master ikasketak burutzeko. Orduan, Txoria dokumentala eta Chessmates publizitate spota zuzendu zituen. Gainera, Londreseko Queen Elizabeth Hall-en estreinatu zen Rambert Dance Company-ren Automatic Flesh koreografiarako dramaturgia garatu zuen. 

Foxes, bere graduazioko filma, hainbat zinema jaialdietan izan zen saritua. Horien artean, Montrealeko Festival des Filmes du Monde-n. Gainera, Kimuak 2015eko bildumarako hautatu zuten. 

Gurreak idatzitako Soka antzezlana, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren “Antzerkigintza Berriak” ekimenerako hautatu zuten eta Tanttakak oholtzaratu zuen, Victoria Eugenia antzokiarekin batera.

2016an ere, Suro fikziozko filmaren proiektua “Ikusmira Berriak” ekimenean garatzeko hautatu zuten eta REC-Grabaketa Estudioak eskaintzen zuen Post-Produkzioaren saria irabazi zuen, Donostia Zinemaldiko Ko-Produkzio Foruaren baitan. Proiektu hau, Bartzelonako Lastor Media eta Tàndem Entertainment-ek ekoizten dute.

Aldi berean, Heldu izenburuko fikziozko film luzean ari da lanean. Film honek Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako diru-laguntza jaso zuen eta Irusoin eta Islandiako Askja Filmsen arteko ko-produkzioa izango da.

 

 

Glocal Cinema: Kontaiguzu hitz gutxitan esku artean duzun proiektuaren izaera.

Mikel Gurrea:

HELDU fikziozko film luzea izango da. Kirol eskalada testu-ingurutzat duen filma izango da eta gai bezala, inozentziaren galera, nortasunaren bilaketa eta nerabezaroaren erresistentzia jorratuko ditu.

Nerabe nintzela, eskalatzailea izan nintzen ni. Eskaladak badu eremu metaforiko bat: igo, jaitsi, erori, heldu… esanahi anitzeko ekintzak bilakatzen dira nerabezaroari buruz hitz egiterakoan. Film honetan bi ezparru horiek batuta jorratu nahi ditut.

GC:  Zergatik erabaki zenuen zure pelikula euskaraz filmatzea?

 M: Errealismoagatik. Nire esperientzian, kirol-eskaladaren mundua euskaraz bizi da oro har.

 

GC:  Ekoizleak aurkitzerako garaian, filma euskaraz izateak zer suposatu du?

 M: Egia esan, ez du bestelakorik suposatu. Proiektu honen hastapena ez-ohikoa izan zen, baina, aldi berean, dena oso era naturalean gauzatu zen. Londresen ikasi nuen nik eta zinema eskola amaierako nire film-laburra Eva Sigurdardottirrek - bertan ezagutu nuen ekoizle islandiarrak - ekoitzi zuen. Oso esperentzia ona izan zen eta Evak berehala lehen film-luzeari begira zer egin nahi nuen galdetu zidan. Orduan, HELDUren istorioa kontatu nion. Berari gustatu eta, segidan, euskal ekoizle baten bila hasi ginen. Irusoineko Xabier Berzosa ezagutu genuen eta behin egutegiak bateratu genitzazkela ikusi genuenean, elkarlanean hasi ginen. Filma hasieratik euskaraz planteatu dudanez, sekula ez da eztabaidagai izan.

 

GC:  Irusoinekin ari zara lanean, nola iritsi zinen haiengana?

M: Jose Mari Goenaga ezagutzen nuen eta hark FOXES, nire azken film-laburra, Xabi Berzosari erakutsi zion. Ondoren, Islandiako zinemaldian LOREAK aurkezten ari zela, Xabik Eva ezagutu zuen. Biak HELDUri buruz hasi ziren hizketan eta konturatu orduko, Irusoin bilakatu zen gure ekoiz-etxe nagusia.

GC:  Zeintzuk dira filma nazioartekotzeari begira jarraituko dituzuen estrategiak?

M: Ekoizpenaren alorretik begiratuta, HELDU Irusoin eta Islandiako Askja Films-en arteko ko-produkzioa da. Horrek, derrigorrez, nazioarteko nortasuna ematen dio proiektuari. Gainera, HELDU Creative Europek bultzatutako EAVE programaren baitan garatu genuen eta baita Sofia Meetings – Sofiako nazioarteko zinemaldiko pitching saioan aurkeztu ere. Horrelako nazioarteko jardueretan banatzaile eta saltzaile ugari ezagutu ohi dira. Ekoizleek proiektua haiekin partekatzen dute eta etorkizun hurbilean, elkar-lanerako bideak zabaltzen dituzte.

Bestalde, zentzu zabalago batetan, nire ustez, konkretua unibertsala bilakatzen da beti. Zinema bera hizkuntza unibertsala den einean, HELDUk bere testu-inguruaren ezaugarri partikularrak ondo lantzen baditu, ziur nago nazioarteko mugak gainditu ditzazkeela.  

 

GC: Ikusmira Berriak proiektuan hartu zenuen parte. Zertan lagundu dizu?

M: Ikusmira Berriak-en beste proiektu bat garatu nuen. Hura SURO deitzen da eta Katalunian girotzen da. Proiektua garatzen igaro nituen sei aste horiek oso emankorrak izan ziren. Batetik, Kiro Russo, Leo Calice eta Merino anai-arrebekin proiektu eta esperientziak partekatu nituelako eta, bestetik, egonaldiak eskaini zizkigun baliabideak (denbora, espazioa, arreta, profesionalen aholkularitza) paregabeak izan zeirelako. Proiektuak Zinemaldiko ko-produkzio foroan aurkeztu genituen eta SUROk REC Grabaketa Estudioak ematen duen Post_produkzio saria irabazi zuen. Argi daukat Ikusmira Berriak-ek ate ugari zabaldu dizkidala kolaboratzaileak aurkitzeko garaian eta baita proiekua nazioartean zabaltzeko garaian ere. Bartzelonako Lastor Media eta Tàndem Entertainment etxeek ekoitziko dute eta Ikusmira Berriak gabe, haiekin harremanetan jartzea askoz ere zailagoa izango zen.     

GC: Zer suposatu dezake Glocal Cinema bezalako sare batek zure filmarentzat?

M: Nik naturaltasun osoz begiratzen diot filma euskaraz egiteari. Eta baita Islandiarekin ko-produkzio bat egiteari ere. Euskara hizkuntza ez-hegemonikoa den einean eta Islandiako zinema gehienbat ere hizkuntza ez-hegemonikoan egiten den einean, HELDU Glocal Cinema sarean txertatua egotea oso naturala iruditzen zait. Honek ikusgarritasuna eta zabalkundea ematen dio eta hori berebizikoa da filmaren ibilbidearentzat.

  • Tweet
  • Inprimatu